XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Osasuna, mundu honetako ondasuna.

BAT
Goizean goizik jeiki ninduzun
doinua harturik lagun,
bertso alaiak aire tristean
ea moldatzen ditugun
Gauzak serio eta sakonak
esaten gau eta egun...
Gizarte triste ta ilun hontan
far ere egin dezagun

BI
Gutxi jatea hobea dela
ematen diogu antza,
urdaila ere zaindu behar da
sartuz koipe eta saltsa,
gozozaleak izanagatik
bota lasai nahiko gatza
ase ta ere jarraitu jaten
nahiz mahaitik ezin altxa
.

HIRU
Ogi zuria, ogi beroa
labean egon berria
afal aurretik, afal ondoren
ezin harturik neurria,
edozerekin ongi sartzen da
gauza estimagarria
Ogi pixka bat osasuna da,
ezak sortzen du larria

LAU
Aza, txorizo, urdai giharra
babarrun ta odolkia
mondongo puska lodikotea
atzetikan sahieskia;
gibel punta bat saltsan jarrita
hasiera egokia
Purru-patata osasuna da
ondasuna txerrikia.

BOST
Saltsan jarrita arkume ona,
arkume ona erreta,
olio grasaz esku, aurpegi
eta kokotza beteta
Haragi pixkat presta dezagun
erraz jango dugu eta
Entsalada bat osasuna da
ondasuna da txuleta.

SEI
Sagardo ona, ardo hobea
hoien atzetik gabiltza
hortatik aski izan ezkero
alaitasunaren giltza
Zumoak hartzen hasten bazara
oso sano ez zabiltza
Ur hotz gardena osasuna da
ondasuna ardo beltza

ZAZPI
Postretarako soilik mamia
beteko al da kupela,
bizkotxo pixkat, ta flan txiki bat
gehiegizkoa ez dela;
tarta ere jan egin beharko
ondatuko da bestela
Fruta freskoa osasuna da,
ondasuna da pastela.

ZORTZI
Horrenbeste jan, hainbeste edan
irtenbide bat bakarra:
kafearekin sartu ditzagun
kopa batzu barra-barra;
patarrik gabe, txanpainik gabe
nahiko afari kaxkarra
Kamamiloa osasuna da,
ondasuna da patarra.

BEDERATZI
Gorputz guztia - a tope - dago
gorputza eginik zisko,
orain birikak ketan beltzatuz,
eztulka hasteko listo;
piztu ditzagun zenbait txiskero
eta piztu zenbait misto
Oxigenoa osasuna da,
ondasuna Montekristo.

HAMAR
Afaldu eta orain etxera:
hori gauza aldrebesa,
gizon jokatu, kristauak ez du
izan behar hain eskasa;
sartu dezagun alkohol pixkat,
estutu arte arnasa
Lo egitea osasuna da,
ondasuna da gau-pasa

HAMAIKA
Bi pausu eman behar dira ta
goazen kotxearen bila,
eseri eta nekatu gabe
gidari on ta abila
Eta nekatu nahi duena
oinez ibili dadila
Oinez joatea osasuna da
ondasuna berebila.

HAMABI
Osasuna da mundu hontako
ondasuna diotenez;
dena kotxean, pauso bat ere
ezin dugu eman oinez,
gauez parranda, gauez zurruta
eta ohean egunez
Gutxi jatea hobea baina,
ipurtzuloraino gainez.

HAMAIRU
Zer arraio da orduan mundu
honetako ondasuna?
Bertso hauetan aurkitu dugu
egitazko erantzuna
Gure gorputza nola ondatu,
da gure eginkizuna,
gero begiak zerura jaso
eta eskatu osasuna
Antton Cazabon.